XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Maiatzak 1: Langilea gizon

Lan-mota asko badarabilkigu gizonok.

Lehenengo denboretan estimu gutxi zuten besoen indarra bakarrik eskatzen zuten lanentzat, eta gainera, holakoak, esklaboentzat, morroientzat zeuzkaten.

Baina iruditzen zait, lanari baino gehiago begiratu behar zaiola langileari.

Langileak du egiazko balioa: gizon bat delakoz, ez tresna bat; norbait delakoz, ez zerbait.

Horregatik, lanean ari den gizonari zor zaio errespetua.

Gertatu izan da, bereziki industriagintzaren hasiera hartan, nola nagusi batzuek ez zuten errespeturik langileentzat: askotan gauza edo tresna batzuk bezala zerabiltzaten, helburu bakarra zutela; ederki aberastu.

Geroztik gauza asko aldatu balinbada ere, oraindik badago zer-eginik gizona gizontzat ezagutua izateko, hau da: lurrak edo tresnak edo dirua baino lehen dela beti lanean ari den gizona.

Gaurko egunean, inoiz baino gehiago, ohartzen gara zer gauza baliozkoa den lana, eta zer txarra, makurra den gizon batentzat edo herri batentzat lanbiderik ez izatea.

Oraingo egunetako zoritxar haundienetako bat da lan-gabezia.

Honetan badute gure agintariek nahiko eginbide gaitz hori ezkutatzeko.

Horretarako, beharrezkoak dira herrien eta erresumen arteko akordioak, langile, ugazaba eta gobernuen arteko itunak, geroago eta gehiago bazter guztietako gizonak eta jendaldeak elkarri josiak baitira, eta elkarrekin behar baidute mundu zuzenago bat eraiki.

Bukatzera noa bi hitzez: langilea gizon eta lanetik bizia, ez bakarrik lanari esker irabazten duelakoz gizonak bere ogia; baita ere lanak ematen diolakoz gizonari bihotz barneko gozo bat: zerbaiterako balio duelako, zerbait on eta eder moldatzen duelarik bere eskuz, besteri zerbitzu egin diotela ohartzen delarik, sentitzen du norbait dela, zerbaitetarako on dela, zerbait balio duela haren biziak.

Badira, lanaren azpian lehertuak daudenak; batzuk ezinbestez, lanbide txarra edo bortitza dutelakoz, edo nagusi gogorra dutelakoz; beste batzuk aldiz, lan-gose edo diru-gose direlakoz, hainbat gauza edukitzeko grina dutelakoz, gainerakorik ez konta ez balitza bezala.

Langile bihotz batekin, gizonen eskubideen alde apustu egiten jarraitu nahi nuke, erakutsiz zuzentasuna dela bakerako bide bakarra.

Gaurko egun honetan, lan eskasia, laneko molde zorrotzak eta gazteen lan geroaren iluntasuna gogoan hartu nahi nituzke: gogoak eta asmoak geure inguruan lana indartu dadin eta langilea gizondu.